Nor garen

Maria Maeztu Forum Feminista 1988an sortu zen. Aurretik, 1986ko maiatzetik aurrera, Euskal Herriko 80 emakume baino gehiago Zarautzen hasi ginen biltzen, Eusko Legebiltzarrari eskatzeko jar zezala martxan gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatuko zuen erakunde bat. Bederatzi urte joanak ziren Autonomia Estatutua onartu zenetik, eta han jasorik zetorren Eusko Jaurlaritzaren eskumen zirela berdintasunari zegozkion gaiak, baina garatu gabe zeuden eskumenok Euskal Autonomia Erkidegoan.

 Zarauzko bilerak egiten ziren une berean, Eusko Jaurlaritza II Euskal Mundu Biltzarra antolatzen ari zen. 1987ko urrian egin behar zen, eta Zarautzen biltzen ginen emakumeok harrituta geratu ginen ikusirik euskal gizartea aztertzeko antolatu ziren kongresu monografikoetan batek ere ez zuela planteatzen emakumeen egoera. Batzorde antolatzailearekin harremanetan jarri ginen, eta “Emakumea eta gizarte errealitatea” izenekoa programaren barruan sartzea lortu genuen. Kongresu horretako txosten batzuk erabakigarriak izan ziren Forumaren sorreran, bai eta Emakunde abian jartzeko konpromisoa ere. Adibidez, Marisa Navarroren “Androzentrismoa historian”, Chiara Saracenoren “Herritartasunaren genero-estruktura” eta Berit As-en “Emakumeen mobilizazio politikoa” txostenek emakumeen elkarte bat sortzera animatu gintuzten. Elkartearen helburua honako hau zen: “euskal bizitza publikoan eragina izatea, sexu-diskriminaziorik gabeko gizartea lortzeko asmoz” (horrela jasotzen da estatutuetako lehenengo artikuluan).

 Foruma idelogia bat baino gehiagoko emakumeez osaturik dago. Nahiz eta batzuk alderdietakoak izan, independienteak dira gehienak. Bestalde, Foruma “berdintasunaren feminismoa” deituriko korronte ideologikoan kokatzen da, hau da, tradizio ilustratua oinarrian duen feminismoan, gizonen eta emakumeen desberdintasunean baino areago antzekotasunean indarra egiten duen horretan. Forumeko emakumeak irmoki defendatzen dugu gizonekiko desberdintasun biologikoek ez dutela justifikatzen, inolaz ere, emakumeen diskriminazioa. Baina harago goaz. Ziur gaude gizonak eta emakumeak, oro har, gaitasun, behar, helburu, amets eta ilusio berdinak ditugula, eta batzuen eta besteen arteko desberdintasunak, daudenean, jasotako heziketari egotzi behar zaizkiola, eta, horrez gainera, kulturazko ohiturei. Horrek guztiak indartu egiten ditu emakumeen eta gizonen rol tradizionalak, eta, rol-banaketa horren ondorioz, emakumeak gutxietsi egiten ditu gizarteak. Forumeko emakumeok uste dugu posible dela diskriminaziorik gabeko gizartea, eta, horretarako, ezinbestekoa dela berdintasuren alde borrokotzen diren gizonezkoen parte-hartzea.

 Bi eratara borrokatzen gara Forumean berdintasunaren alde: gizarteari begira eta erakundeekin lan eginez. Gure ustez, sistema demokratiko batean botere publikoek berdintasunaren alde egin behar dute ezinbestean, berdintasuna lortzeko dauden oztopoak gaindituz. Hori dela eta, berdintasunaren gaian eskumenak dauzkaten erakunde guztiekin egiten dugu lan: udalak, aldundiak, gobernua.... Bestalde, sentsibilizazio-lana egiten du Forumak herritarrei begira: hitzaldien, jardunaldien edo mintegien bitartez, zein iritzi-artikulu, irrati-programa eta abarren bidez. Horrez gainera, Foruma era guztietako elkarteekin aritzen da lankidetzan (Amnesty International, Berdintasunaren aldeko gizonak, UNICEF...), betiere helburuak bat datozenean.

 Forumaren esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa denez, elkartea lanean aritzen da estatu mailako beste elkarte feminista batzuekin (bereziki Forum de Política Feminista izenekoarekin) Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko proposamenak edo legeak planteatzen direnean: Emakumeen Estatu Kontseilua, Haurdunaldia norbere borondatez eteteko Legea, Menpekotasunaren Legea, Berdintasunaren Lege Organikoa, Baimen Berdinen eta Transferiezinen aldeko Plataforma...

 Forumak hurbiletik jarraitzen du munduko emakumeen egoera. Horregatik, 2001az geroztik, lankidetzan ari da ASDHArekin (Afganistango Giza Eskubideen aldeko Elkartea) Afganistango emakumeen aldeko zenbait proiektutan. Proiektu horiek, hasieran, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen zuten; azkenaldi honetan, berriz, Gasteizko Udalaren Kooperazio Zerbitzuaren laguntzaz burutzen dira. Kooperazioari dagokionez, bestalde, Forumak Hegoamerikako zenbait emakume-elkarteren kanpainak lagundu ditu, eta herri horietako elkarte batzuekin aritzen da lanean (Mujeres creando, besteak beste).

 Forumak beti ditu gogoan data seinalatu bi, mugimendu feministarentzat eta emakumeen berdintasunerako oinarrizkoak direnak: Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a. Lehenengoa, Emakumeen Nazioarteko eguna; bigarrena, berriz, Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Forumak egun horiek aprobetxatzen ditu munduko emakumeen diskriminazio-egoera agerian jartzeko, bai eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko ere, gertatzen den lekuan gertatzen dela.

 Forumak hainbat barne-mintegi antolatu ditu: “Alargunen pentsioak”; “Etxekoandreen soldata: bai ala ez?”; “Publizitatea eta sexismoa”; “Genero indarkeria”; “Erantzukidetasuna”; “Emakumeen zerrendak edo emakumeak zerrendetan?”... Era berean, jardunaldi ugari antolatu ditu: “Demografia”; “Enplegua eta lanaren banaketa”; “Emakumeak eta Ongizate estatua”; “Pekingo Goi Bilera”; “Hirigintza”; “Gizonen eta emakumeen arteko harreman berriak...
Hitzaldien zerrenda ere luzea da: “Feminismoak etika unibertsalari egindako ekarpenak”; “Olimpia Gouges”; “Emakumeen memoria historikoa berreskuratzea”; “Islama eta feminismoa”; “Charleston-etik Sección Femeninara”; “Emakumeak eta zientzia”; “Anorexia eta bulimia”; “Emakumeen Europar sareak”; “Komikiak eta estereotipo sexistak”; “Emakumeen osasuna”; “Krisia eta feminismoa”; “Afganistango emakumeak”; “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea” eta abar.

 Azkenik, kontaezinak dira iritzi-artikuluetan, irrati-programetan, zuzendariei bidalitako gutunetan eta abarretan jorratutako gaiak. Hona hemen batzuk: Bosniako gerra; Aljeriako emakumeekiko elkartasuna; epai batzuen aurkako protesta; hedabideetako eta kirol munduko sexismoa salatzea; sariak jaso dituzten edota erantzukizun postu bat lortu duten emakumeak zoriontzea; emakumeen izenak proposatzea Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleetarako; erasoak eta bortxaketak; Irungo eta Hondarribiko alardeak; haurdunaldia norbere borondatez etetea; ablazioa eta abar.

    

Gizartea eraldatuz

María de Maeztu Forum Feminista

Orrialde hauetan guztietan, FFMMren sorrerari bide eman zioten atarikoei kontu egin diegu: nola sortu eta antolatu zen, eta liburu honetan aztergai ditugun hemeretzi urteetan (1988-2005) zein jardunaldi eta ekitaldi aurrera atera izan dituen. Bitarte horretan guztian, askotariko ideologia eta alderdietako emakumeen bilgune izan da FFMM, baita emakume independenteen topaleku ere –beti gehiengoa izan baitira–; elkarren arteko desadostasunak gainditu nahi izan dituzte guztiek, elkar harturik lan egiteko asmoz «berdintasunezko gizarte baten eta sexu-bereizkeriarik gabeko baten» alde, FFMMren Estatutuetako lehen artikuluan jasota dagoenez.